Ikastetxearen izanean eta zereginean jasotzen ditugun ildoak, plan estrategikoan gauzatzen dira, lau urtetarako helburuak, ildo estrategikoak eta ekintzak gauzatuz. Egitasmo honen osaketan azpimarratu nahi da Eskola Komunitate osoaren parte hartzearekin burutu dela. Jorraketa honetan nagusitu behar den irizpidea errealista eta efiziente izatearena da. Honez gain guzti hau kalitate sistemaren kudeaketa barruan egingo da. Aurreko egitasmo Estrategikoaren jarraipena izango den hau, 2017-2021 urteetan garatuko da.
IKASTETXEAREN ZEREGINA
Amara Sisteman oinarrituriko Hezkuntza proiektu sendo bat aurrera eraman, autonomia maila areagotuz, IKASLEA baloreetan, gaitasunetan heziz, bere emozioak ezagutu eta kudeatzen lagunduko dion baliabideak eskainiz, ikas- komunitateko partaideen lana eta ilusioa elikatuz, lan taldeen lidergoa sendotuz eta sare ezberdinetara zabalduz.
Datozen 4 ikasturteetan 6 lerro estrategiko hauek garatuko ditugu, aurreko Plan Estrategikoari jarraipena emanez, hala ere edukietan aldaketa esanguratsu batzuk egin ditugu, ildoen ibilbidean aurrera eginez.
1.- Amara Berri Sistema ardatz duen eskola sendotzea.
Ikasle bakoitzaren gaitasunak bere osotasunean garatzeko,gure Hezkuntza Proiektuaren ezaugarri metodologikoak sakonki ezagutu,ulertu, barneratu eta ikas komunitateko guztiek geurea egin. marko global honen ikuspuntutik berrikuntza beharrei aurre eginez.
2.- Elkarbizitza: Eskola klima motibagarria. Emozioen Kudeaketa. Familien inplikazioa.
Eskola klima egokia lortze aldera, lan giro on batek duen eragina kontuan izanik, emozioen esparruari biziki erreparatuz, eguneroko harremanak zaindu, denon lorpenak baloratu, gogotsu senti gaitezen. Partaidetza foroak bultzatu gatazkei aurre hartuz eta taldearen inplikazioa eta motibazioa indartuz. Honekin batera ikasleen ikasketa prozesuan eta bizitzan ezinbestekoak diren hainbat balio suspertu familiekin elkarlanean.
3.- Garapen profesionala bultzatu.
Formazio eta koordinazio antolaketa egitura sendo bat sistematizatu,etengabe berrikuntza eta hobekuntza ahalbideratzen duena. Hezkuntza praktikari buruzko taldeko hausnarketa burutu, gaitasun profesionalak garatzeko funtsezko elementu gisa, aldi berean ikasleriaren hezkuntza prozesu globalean eraginez.
4.-Baliabideen kalitatezko kudeaketa.
Eragile ezberdinekin elkarlanean hezkuntza eskaintza publikoa gauzatzeko eta eskolak kalitatezko zerbitzua eskaintzeko pertsonen, instalakuntzen eta baliabide materialen kudeaketa sistema eraginkorra osatu, horretarako gure Kalitateko sistema zabaldu eta erabiliz.
5.-Hizkuntza trataera bateratua.
Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren hizkuntza nagusia euskara izanik, euskararen eta gaztelaniaren ezagupena bermatu, baita atzerriko hizkuntzen ezagupena ere, hizkuntzen trataera bateratua jorratuz.Beti ere euskararen erabilera normalizazio bidean aurrera eramango duena.
6.-Eskola ingurunea aberastea.
Gizartearen hezkuntza esparruko beharrei (kulturalei, kiroletakoei..) erantzungo dien eta eragilea izango den eskola gauzatu, eskola eta herriaren arteko komunikazioa eta elkarlana suspertuko duena.