MURUMENDI IKASTETXEAK “KUDEAKETA AURRERATUARI DIPLOMA” JASO DU
Murumendi Ikastetxea 2007ko irailetik “Kalitatea Hezkuntzan” sareko partaidea da. Gaur arteko bide honetan, Kalitate Sistemak gure lanaren ebaluazio kualitatiboaz gain, ebaluazio kuantitatiboa ere ahalbideratu du, hobekuntza bideak erraztuz. Egitasmo honen ardatza horixe da hain zuzen, HOBEKUNTZA. Kalitatea Hezkuntza Sareak Euskalit erakundearekin batera, 2018ko otsailean AURRERAKA egitasmoan ikastetxe pilotu gisa parte hartzeko eskainitako erronkari aurre egitea erabaki genuen.
Edozein hobekuntza planen ezinbesteko aurrekaria diagnostiko zehatza izan ohi da. Gauzak horrela, otsailetik maiatza bitartean autodiagnostikoa egiteari ekin genion.
Hurrengo ikasturtean, 2018-2019 hain zuzen, autodiagnostikoa Kalitatea Hezkuntzan Sareko gainontzeko Ikastetxeetara orokortu zen.
2019-2020 ikasturte hasieran, Euskalit-en eskutik Kudeaketa hausnarketa egiteko Dokumentua jorratu dugu. Kudeaketa aurreratuaren sei eremuak aztertuz Ikastetxearen kudeaketa hobetzen lagundu eta gure indar guneak zein zer hobetuak identifikatzea izan du helburu idazki honek.

Azaroaren 28an kontraste saioa burutu zen. Bertan kanpo-ebaluatzaile taldeak (Ikuskaritza, Berritzegune nagusia eta erreferentzizkoa, Euskaliteko aztertzaile burua, beste ikastetxe bateko zuzendaria) esparru ezberdinetako kudeaketan egindako ibilbidea aintzat hartuta, Murumendi ikastetxeari “KUDEAKETA AURRERATUARI DIPLOMA” ematea erabaki zuen.
Diploma hau Murumendi Ikastetxeak abenduaren 18an Gasteizko Europa Jauregian, Lehendakariak eta Hezkuntza Sailburuak buru izandako galan jaso zuen, Erkidegoko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publiko bakarra izanik.
